Versión castellano

BOOKBIDEO LEHIAKETAKO IRABAZLEAK


BOOKBIDEO LEHIAKETAKO IRABAZLEAK
CONSISTORIALES - 24/05/2022

LEHIAKETAKO EPAIMAHAIAK ERANDIOKO GAZTEEN BOOKBIDEO ONENAK SARITU DITU

2022-05-23 - Erandioko Udalak pasadan ostiralean, maiatzak 20, eman zion bukaera 12-18 urteko gazteei bideratutako Bookbideo lehiaketari.

Parte-hartzeko epea maiatzaren 9an bukatu ondoren, epaimahaiak, 10 eguneko epea izan du lanak baloratu eta 3 lan irabazleak zeintzuk izan behar zuten erabakitzeko.

Iñigo Astiz kazetari eta idazlea eta Hodei Torres ikus-entzunezko profesionala izan dira aurtengoan lehiaketaren epaile.

Lehiaketan parte hartzeko liburu zerrendatik Irati Jimenezen Bat, bi Manchester eleberria aukeratu dute aurtengo 3 talde irabazleek beren lanak egiteko.

Lehenengo postua, Irati Rojo, Nadia Oliver, Lucía Losada eta Ander Aslak osatutako taldearentzat izan da. Epaileen esanetan:

“Bideoa saritu dugu, erabiltzen duen off-eko ahotsarekin, lan honek frogatzen duelako hitza izan daitekeela tresna nahikoa indartsua, baita liburu bat bideo bidez zabaltzen laguntzeko ere. Gainera, liburua irakurtzeko gogoa pizten asmatzen du haren muntaia gardenak eta musika zein irudi hautaketa egokiak”.

Taldeak 150€ko balioa duen erosketa txartela jasoko du Erandioko hiru liburu-dendetan (*) gastatzeko hilabeteko epean.

Bigarren postuan, Lucía Fernández, Ainhoa Tecchi, Gontzal Arizmendi eta Mikel del Pozok osatutako taldea sailkatu da.

Epaileek horrela baloratu dute haien lana:

“Ongi pentsatutako gidoia du bideoak, eta erraz egiten du aurrera kontakizunak. Eszena esanguratsuak kontatzen dituzte irudiek eta testuak ere laguntzen du liburuaren muina ongi laburbiltzen. Sarean dena segundo bakarrean topa daitekeela dirudien sasoian, gainera, lan taldeak berak grabatu ditu irudiak eta eurek interpretatu dituzte pertsonaiak, eta eskertu egiten du hori ikusleak.”

Taldeak 100€ko balioa duen erosketa txartela jasoko du Erandioko hiru liburu-dendetan (*) gastatzeko hilabeteko epean.

Eta azkenik, 3. postuan Aiala Orio, Irune Sánchez eta Leire Joyk osatutako taldeak irabazi du.

Horrela arrazoitu dute epaileek erabakia:

“Irudi eta testuak egoki txandakatzen asmatzea da bideo honen lorpen nagusia. Muntaia argia da eta emaitza iradokitzailea. Irakurleak liburuan zer topatuko duen esaten du, baina, era berean, gehiago jakiteko irrika ere pizten du. Ongi egindako lan bat da.”

Taldeak 50€ko balioa duen erosketa txartela jasoko du Erandioko hiru liburudendetan (*) gastatzeko hilabeteko epean.

(*) Erandioko Peman, Alfil eta Elorduy liburudendak


<< Itzuli

2012 - ERANDIOKO UDALEKO EUSKARA ZERBITZUA
Irailaren 23a plaza - 48950 Erandio (Bizkaia)
94.489.0128